2008-01-16

ORDENAGAILUAK

ORDENAGAILUAK ETA GURE UMEAK

Behatu eta ikasi
Gure seme-alaben garapen pertsonala nola gauzatzen den behatzea gauza zoragarria da eta, ordenagailuen alorrean, beraiengandik ikasteko aukera paregabea ematen digu. Zalantzarik gabe, guk erakutsi diezaiekeguna baino gehiago ikasiko dugu.
Baina, seme-alabengandik ikasteak joko eta ordenagailuen inguruan dugun hainbat aurreiritzi atzean uztea eskatzen du; umeen benetako lana jokatzea eta esperimentatzea baita, eta hori helduon edozein jardun bezain errespetagarria da.
Umeek ordenagailuaz ezer gutxi dakite
Nahiz eta ordenagailua gure seme-alaben eguneroko bizitzan ohiko tresna bilakatu den, erabiltzaile hutsak besterik ez dira. Hori dela eta, gure etxean sartzen diren aparatu guztien konfigurazioa, konponketa, zabalkuntza, babesa, kudeaketa… gure ardura da.
Jendeak kontrakoa pentsatzen duen arrea, gaur egungo umeak ez dira informatikari adituak, erabiltzaileak besterik ez dira, onak edo txarrak, baina erabiltzaileak besterik ez. Etxean ordenagailua duten umeek ordenagailuaz dakitena guk, gure haurtzaroan, telebistaz edo esteroaz genekienarekin pareka daiteke, hau da, ezertxo ere ez; erabiltzen dakite eta kitto.
Umeek beti OK klikatzen dute
Umeek ez dute pazientziarik. Zerbait nahi dutenean, berehala nahi dute. Ez da harritzekoa, beraz, umeek beti OK botoia sakatzea aurrera jarraitu ahal izateko. Gainera, pantailan azaltzen diren mezu horiek ulertezinak egiten zaizkie eta, kasu gehienetan, OK botoia zuzena dela barneratu dute.
Jokabide horrekin, desegokiak diren edukietara iristeko arriskuan jartzen dira eta gure etxeko sistema informatikoaren segurtasuna arriskuan jartzen dute. Hori saihesteko, gure etxean, gisa horretako mezu bat azaltzen zaien bakoitzean guri abisatzeko eskatuko diegu.
Umeek dena instalatzen dute
Oso ohikoa da umeak edozein programa edo joko instalatzen saiatzea, batez ere, beste lagunek baldin badute. “Besteek badute, nik zergatik ez?” euren betiko leloa bilakatzen da. Gehienetan, lagun batek uzten die eta eskolatik itzultzean, instalatzen saiatzen dira.
Arriskuak, arestian aipatutakoen antzekoak dira; horregatik, komenigarria da ezer instalatu aurretik gurekin kontsultatzea.
Umeek espazio guztia jaten dute
Duela urte pare bat 150 Gb-eko disko gogorra erosi nuen. Bi urterako izango nuela pentsatu nuen. Oker nengoen: lau hilabete baino ez zuen iraun. Erruduna, ahal izango balu, Internet osoa disko gogorrean izango lukeen nire seme bat izan zen. Egia esan, bera da etxean daukagun sistema informatikoari etekin gehien ateratzen diona eta ez genion inongo zigorrik ezarri.

No hay comentarios:

 

Powered by Blogger